Isildu zaigu eguna
larre ondoan asuna
zure gomuta saminagoa
bihotz nereko kutuna.
Eperra garitzan kanta
ehizeko zakurra zaunka
teilatu gorriari dario
nigar e-ta odol tanta.
Belar gainean bildotsa
haizeak leun du hotsa
esai-urratsen zarata hitza
gorrotoaren hostotsa.
Oilarrak harro kalparra
zezena ez da koldarra
Espainia aldean preso daukate
nere senargai zangarra.
Eder basoan haritza
pagoa lerden bortitza,
bazter hauetan zenbait jaunskilok
errez jan ohi du bere hitza.
Ibaia dator uholde
haizea uraren golde
euskal andra gizonen odola
ez da ixuriko debalde.
Sagarrak daude ustelak
mikaztu dira upelak
lehengo aldean orain gara gu
abertzale txit epelak.
Udako sasoiak uzta
larrean eder hirusta
nire bularra zuk laztan ezik
ximelduriko masusta.
Artoa zaigu zoritu
sagarrondoak gorritu
zu noiz itzuli itxaropena
ez zait gogotik akitu.
Euriak mardul Dario
elurrak dirudi liho
nire bihotzak ez dezaizuke
sekulan esan adio.
Usoak dira igaro
basoak dirau oparo
nire magal gozoa dukezu
zatozkenean abaro
Zelaiak badu hesia
ereina dugu hazia
nere erraietan ernatuko da
askazi ezin-hezia.