Herdoilaren tristeziarekin batera
ziutate honen soinekoa udazkenetan lanbroa da
eta bere sabaia laino baso bat
non bizi den ilargiaren badaezpadako agonia
eta kalatxorien habi eskaleen sakelak
eta sukalde proletarioen argi urdinskak
murrail erraldoiaren begi gauero
zubi zaharrenetatik
ibaiari so berripaper saltzailea
hitz ezezagunen hiztegi bati bezala
bus txofer batzuk boxeolari hilaz mintzatzen
apatridak bailiran trenak
memoria karrilen fatalitatean galduz
denboraren oihal xinglea arratsezkoa soilik
arrabita baldarren nostalgia kantoietan
eta haruntzago, mozkorrak
kalegarbitzaileren beilegi bizia
beste zubi bat,
prostitutak.